XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasierako oharra: Beste gaiekin konparatuz, gai honetan darabilgun metodologia, oso desberdina da, hain zuzen ere, gaiak berak behartzen baikaitu horretara.

Azken batez, hizkuntzazko gai bat dela esan dezakegu: Kimikan erabiltzen den hizkuntzaren idazte eta ahozkatze-arauak adierazten ditugu, ahalik eta zehatzen.

Gai honetan ez gara laborategi-egintzetan oinarritu.

Horrek ez du esan nahi; gai hau erabat teorikoa denik.

Ostera, bertako egintzak, memorizatze-lana errazteko asmatuak izan dira, hizkuntza kimikoa ikasleenganatzeko pentsatuak.

Gaiaren helburuak: - Molekula monoatomiko eta poliatomikoak identifikatzen eta adierazten ikastea.

- Dakigunez, konposatu kimikoen formuletan, masa-proportzioen legeak adierazten dira.

Gai honetako beste helburu bat, oinarrizko lege hauen eta formula kimikoen arteko erlazioaz oharteraztea da.

- Formula eta izen kimiko en mekanizazioa lortzea.

- Hiztegi berezi honen bidez (azido, oxido,...) kontzeptuak susmatzen hastea, Kimikazko gaietako kontzeptu garrantzitsuak baitira, nahiz eta maila honetan hitz zentzuan hartu.

Nola klasifika ote daitezke elementu eta tresna hauk? Formaz? Kolorez? Materialez?.

Eta nola izenda ote daitezke? Beren funtzioa kontutan hartuz? Nola edo zerez eginda dauden arauera?.

KIMIKARIEN HIZKUNTZA BEREZIA

Konposatu kimikoak nola eta zergatik formatzen diren aztertu eta ikasi duzue.

Eta bai konposatu desberdinak bereizten ere.

- Baina nola deitzen dira konposatuak?.

- Nola asmatuko ditugu, konposatuak adierazteko ikur edo formula egokiak?.

Izatez ez dugu asmatu beharrik, jadanik kimikariek asmatuak baitira.

Zientzilariek kode berezia asmatu dute, hizkuntza berezia, konposatu kimikoak adierazteko.

Nahi al duzue hizkuntza berri hau ikasi? Bai?.

Natur Arloan, eta hain zuzen Kimikazko gaietan, jadanik aztertu eta ikasi duzuena kontutan hartuz, oso erraz gertatuko zaizue formulazioa eta nomenklatura (hots, konposatuen izenak ikastea).

I.U.P.A.C. erakundea Kimikaren historian zehar hiruzpalau bider antolatu izan dira elementu eta konposatu kimikoen izenak eta ikurrak adierazteko moduak.

Berrantolaketak beharrezkoak izan dira, konposatu berriak aurkitu izan diren neurrian.

1892. urtean I.U.P.A.C. (International Union of Pure and Applied Chemistry) delakoa sortu zen formulazio eta nomenklaturaren batasuna lortu nahirik.

Erakunde honen helburu nagusia hauxe izan zen: konposatu kimiko bakoitzari izen bakar bat eta izen berezi bakoitzari konposatu bakar bat egokitzea.